Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Mamuak

2014ko abenduaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oso kezkatuta dabil lagun bat 8 urteko semearekin, azken egunetan amesgaiztoekin izututa esnatzen baita behin eta berriz. Parkeko berriketaldian kontatu digunez, entzutekoak ei dira loa apurtzen zaionean botatzen dituen garrasiak, izerdi larritan aurkitzen ei dute albora joaten zaizkionean. Eta amesgaiztoa bera ei da beti: bat-batean, munstro erraldoi eta beltza ateratzen ei zaio, ahotzar izugarria zabal-zabalik duela ahutzak erakusteraino, batzuetan otsoenaren antzekoa, bestetzuetan marrazo ikaragarriena, baina beti jan egiten omen du.

Taldeko beste gurasoetako batek esan dio lasai egoteko, jendeon mamu berezkoenetakoa dela irensten gaituen piztitzarrarena, ziurrenera, aitzinako garaietako egiazko arriskuen gomuta, espeziearen biziraupenerako senaren ondorio. Pentsatzeko bestela zeinen izugarri gertatzen zaien oraindik umeei otsoa, benetakorik, ondo hesitutako erakuslekuetan ez bada, inoiz ikusi ez duten arren. Azalpen sofistikatuagoa eman dio beste gurasoetako batek, Freud, kastrazioa eta vagina dentata-ren mitoak aipatuz.

Mutiko izutuaren gurasoak ezetz esan die, azalpen sinple eta zehatzagoa duela semearen beldurrak: migrante afrikarren Almeriako naufragioaren albistea ikusi zuela lehengoan telebistan, hots, nola itsasoak gaur eta ia-ia hemen haurrak jan egiten dituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.