Urriko azken martitzena da gaur. Israelek jarraitzen du palestinarren kontrako genozidioan. Ukrainari buruz esan dizkiguten gezurrak argitzen ari dira, baina berdin digu. Klima krisia eskandalagarria da. Baserritik bizi nahi duen jendea gogor ari da lanean, eta gure instituzioek diru-laguntzen menpe nahi gaituzte. Azaroaren 30erako greba feminista dago deituta. Emakumeek kirolean jasaten dituzten eta jasan izan dituzten abusu eta bortxaketen berri jakiten jarraituko dugu. Minbizia arrosaz margotzen dugun hilabetea amaitu egingo da gaur, baina kontuz, november-a hasiko da. Suizidio datuak ezkutatu eta makilatu egingo dizkigute gaur ere, eta hainbat jende egongo da maite duen jendeaz kezkatuta buruan daukana irakurri ezin duelako. Osakidetzako itxaron zerrendek luzatzen jarraituko dute. Gaur Gau Beltza edo Halloween da. Euskal Herrian ia gehien dakien norbaitek esan zuen bezala, «jan ta lo in» eguna.
Bitartean kale garbitzaileek lan astuna izan dute Gernikan. Atzo plastiko eta zikinez beteta gelditu ziren kaleak isilik esnatu dira gaur. Gaupaseroren batzuk ibili dira goizean goiz musika eske, baina ahots gehienek atzo egin zuten berba nahikoa. Inor ez da baserritarrez gogoratzen. Inori ez zaio inportantea iruditzen sasoiko produktuak erostea. Atzo, atzo zen.

BIRA
Martitzena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu