Ainize Madariaga

Mihura versus malurra

2023ko abenduaren 30a
05:00
Entzun

«Erran bezala. Ontsa burura dezazuela urtea, eta hobeki has heldu dena!», agurtzen hasi da. Autoko kofrea zabaldu duelarik mihura adar sorta ageri. Ene harridura eta jakin-mina disimulatu gabeei etxeko ohitura salatu die orduan: sagarrondo, udareondo, haritz, arte, zurzuri zein bertze zuhaitzen adarretatik mihura biltzeko usantza duela, eta etxeko bortan zintzilikatzen. «Etxearen begirale dun mihura, ez ditin uzten izpiritu onak baizik sartzen. Etxe-babeslea dun», eta gehitu dit hala egiten ikusi duela etxean, betidanik, urte hondar oroz.

Hara non, adiskide zuberotarraren erran freskoa gogoan neukalarik, Iruñeko aldiko laugarren pisuko atetik ere, mihura emea zilintzan izaki, fruitu zuri-gardenskak argigarri.

Landare erdi zerutiar erdi lurtar hori ez omen da sekula lurrean pausatu behar, beti dilindan, zintzilik, zilintzan, nehoiz ez diruaren truke eskuratu, eta, azkenik, adar ttipi bat hartzearekin aski omen da; bestela, zoriona desagertu eta malurra ekar lezakeelako.

Nago ez ote duten Iruñeko udaletxean ere adaxkaren bat ezarri, airoski...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.