Ainize Madariaga

Mikroipuinak

2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Giza paisaia hautsi nahi izan dugu, adiskide-taldeak har dezan hats, aire puru-purua. Gutariko nehor ez dadin egon egunerokoak deliberatzen dituen pauta sozialen menpe: bi egunez eskapatu gara kostalderat.

Afera da behar diren oinarrizko baldintzak bete direla aperitifa ahantzezina hartzeko karrikan, ekiak garkotxea puntu-puntuan ferekatzen duen ber. Giro akustikoak ere lagundu du egoeraren dekoratuan: gazteek bozgorailua nini-gurdia balitz bezala promenatzen baitute: Lepoan hartu ta segi aurrera!

Saihetsean badira bi emazte mahaitto baten gibelean, puska batzuekin gainean: zer ote den ikusterat hurbildu natzaielarik: «Ea, bira ezazu errota hau». Hortxe ikusi dut ene burua, nehorekin eta deusekin loturarik gabeko gidoian parte hartzen. Bortz zifrako zenbakia atera dut, ulertezintasunaren korronteak eramaten utziz, gustura. Gibeleko muztatxadunak besarkatu nau: «Milesker! Irabazi dut!», mozkin-zarearen erdia partekatu nahi izan du enekin, esku inozoa eskertzeko. Odol-biltze elkartearen zozketa-mahaia zen hura.

Asteburuko abenturan gertatu zaidan mikroipuin bildumako bat izan da hau.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.