Gero eta gehiagotan ikusten dut neure burua amaren sega-potoan gauzak atontzen. Zerbait ez duela bilatzen, aldatu egin zaiola, kontaktuak desagertu direla, ez daudela gauzak lehengo lekuan... Ez naiz bakarra. Dudan egunaren arabera, nire ahizpak ibiltzen dira berdin, eta nire ingurukoek ere halakoak esaten dituzte gurasoei buruz. Denok ari gara ezinean, baina ezin gaitu kontsolatu garai analogikoan jaioak direla pentsatzeak. Gu ere oso zahar gelditzen ari gara. Duela bi edo hiru hamarkada bost urtean behin aldatzen ziren gauzak, urte betean aldatzen dira orain; edo gutxiagoan. Sare sozialak modaz pasatzen ari dira, programa berriak egiten dituzte gauzak gero eta azkarrago egiteko, idatzi ere ez da egin behar mugikorrak behar duguna eman diezagun.
Holakoetan inbidia handia ematen dit aitak. Ez du mugikorrik, eta ez du izan nahi. Bera lokalizatu nahi duenak etxera deitzearekin nahikoa duela esaten du. Ez dut esango aitarekin eztabaidatzen ez dudanik, baina ez da behintzat mobileko programak ez berak ez nik ulertzen ez ditugulako izaten. Gorrinari zer bota erabaki ezinik ibiltzen gara, eta eguzkipean edo haizetan elkarri begira izaten dira elkarrizketa eta eztabaida guztiak. Pentsatzen hasten naiz beretzat hizketaldi guztiak direla horrela, eta inbidia ematen dit.
BIRA
Mugikorrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu