BIRA

Muxuak

Onintza Enbeita
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Umeek erraz esaten dute ez dutela muxurik eman nahi. Helduok ere horrela egin behar genukeela aldarrikatzera nator muxuaren egunean. Ezin dut jasan muxuak ematera hurbildu eta ematen ez dituen jendea: batez ere haiek direnean norberegana hurreratzen direnak. Muxua zer den denok dakigu, eta, hura emateko, ezpainek ateratzen duten zarata bezain garrantzitsua da azalak azala ukitzea. Badago jende bat haien aurpegia zuretik kilometro batera jartzen duena, ordea. Ustez muxu eman nahi diozun pertsonaren matraila zurearengandik ozeano bitara dagoenean alferrik da mua esatea. Erridikulua da. Hori baino askoz naturalagoa da ez ematea, eta, derrigortuta sentitzen bazara, eman bostekoa eta kito. Ez da ezer gertatzen gaur lehenengoz ikusi duzun pertsona bati mua eta mua egin ezean, edo urteak bete dituen lankideari muin ez ematearren, edo beste guztiek muxu eman dioten pertsona horren matrailetara ez bazara hurbiltzen. Ez da derrigorrezkoa. Inor ez da hiltzen horregatik, baina bai agian zu barran zaudela aurpegia tabernako komunean jarrita muxu ematen saiatzen bazaizkizu.

Niri muxuak gustatu egiten zaizkit. Terapeutikoak izatez gain, goxoak dira. Ez dut neure buruaren kontra egin behar emateko zein hartzeko, baina mesedez, otoi eta arren: nahi ez dituzuenean, ez eman. Kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.