Onintza Enbeita
BIRA

Muxuak

2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hamasei urte izango nituen. Parrandan nenbilen eta gure inguruan ezaguna zen gizon bat ikusi genuen. Gure inguruan ezaguna eta militatzen genuen esparruetan erreferentea zen. Guk agurtu baino ez genuen egin. Gogor-gogor heldu ninduen gerritik eta nire gorputza berearen kontra zeukanean muxu eman zidan ezpainetan. Muxu baino gehiago. Gaizki sentitu nintzen. Ez nion erantzun, eta hartutako lekuan utzi ninduen. Kalean aurrera jarraitu zuen satisfaziozko irribarrez. Handik urte batzuetara, beste parranda batean esan zidan nik behin zerbait nahi izan nuela berarekin eta ez nuen ulertu. Kosta egin zitzaidan esaten ari zena ulertzea, baina muxuaren momentu biolento hartaz ari zen argi eta garbi.

Mila aldiz errepasatu dut nire buruan momentua: zergatik ulertu zuen berak nik zerbait nahi nuela, zergatik heldu zidan horrela, zer egin nuen nik gaizki nahi ez nuen muxu hura jasotzera behartzeko… nik ez nuen ezer egin, ordea. Bera zen nirekiko boterea sentitzen zuena, eta berak hala nahi zuelako egin zuen. Ez dut uste nirekin beste ezer nahi zuenik: nirekiko edo gurekiko boterea bazeukala erakutsi eta kito. Nazka eman zidan Rubialesek Hermosori egindakoak. Mina sentitu nuen. Mina askori gertatu zaigulako, eta orain indignatuta omen dauden askok sarritan egin dizkigutelako halakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.