garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Nanoteknologia

2016ko otsailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Txikitasunak iraultza handiak ekarri ohi dituela-eta, erabateko debozioa erakutsi zaio nanoteknologiari, haren bidez sortutako materialak esponentzialki produzitu eta ia zernahiri aplikatzerainokoa. Elektronikan aurkituko ditugu partikulok, litio-ioizko bateriatan, zomorroak hiltzeko gaietan, pestizidetan, kosmetikan, baita jantzietan ere; kontsumorako 1.300 produktutan ditugu kamuflatuta, munduko 34 estatu aberatsenetan bildu diren datuen arabera.

Onurak liluratuta gauzka, beraz, baina bereziki industrian, jostailuak biltzen ez dakiten haurrak gara: aldiro den-denak atera, eta gero, estropezu egiteko tokietan utzi baditugu ere, hor konpon. Nanoteknologiari dagokionez ere, fase horretan gaude tamalez. Auskalo zenbat tona partikula arrotz barreiatu ditugun airean, lurrean, uretan, araztegietako filtroak zabalegiak direlako halako ñimiñokeriok harrapatzeko, eta zer nolako ondorioak eragingo dituen inork izpirik ere ikasi aurretik.

Dramara jo gabe, esango nuke, abian jartzen den garapen lerro bakoitzeko, lerroaren zabor lerroa jarri beharko litzatekeela aldamenean. Nanoguneren alboan, konparaziora, Nanozaborgune. Kutsadurak eragin dituen kalteak urtetara ikertu beharrean, paraleloan joan daitezen. Heldutasunaren seinale litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.