garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Nepal

2015eko azaroaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Konkistaren kontzeptua batere gogoko ez dudanez —eta are gutxiago kirolari edo maitasunari aplikaturik— pozgarria egin zitzaidan Oscar Gogorza delako baten eskutik irakurri nuena. Everesteko gailurrera jotzeak ez omen du garai bateko ohorerik, ezta dagoeneko prestigiorik ere, munduaren gaina erdiesteko bidea turisten moduan egin baldin bada behintzat. Esan nahi baita, lanak eta zamak xerpen esku utzita, Disneylanden gertatzen den bezala, txanda heldu arte ilara luzean zain egonda, behar izanez gero helikopteroa hartuta, egundoko zabor mordoa nonahi utzita, berotegi efektuaren higadura nahikoa ez eta...

Mendigoizaletasuna kontsumo gaitzat daukatenek marka guztiak ondu omen zituzten 2013an, Everesten. Gailurreraino bertarainoko 658 igoaldi zenbatu zituzten guztira. Horietarik 539 hego magaletik, hau da, bide xamurrenetik edo Nepaletik, eta beste 119, ipar magaletik. Aldiz aurten, eta 41 urtean estreinakoz, inortxok ere ez du ofizialki goia jo, han ordaindu beharreko zergari oso kontuan hartzeko moduko beherapena egin bazaio ere (interesatu bakoitzak 11.000 dolar ordaindu behar halere). Udaberriko lurrikarak atzerarazi omen ditu aurtengo asmo guztiak, eta honenbestez, naturak berak itzuli dio bakea naturari. Tamalez, ezin bestela izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.