Azken hilabeteetan nire bizitza ikaragarri aldatu da. Eta ez, lan, bizileku, familia, maite edo lagunak aldatu ditudalako, baizik eta baratze kooperatibo bateko bazkide egin garelako. Diruaren eta kontsumoaren autobide handi horietatik zertxobait aldentzea izan zen erabakia hartzeko bultzada, badakizue, mikroiraultza horietako baten partaide sentitzea —baaaai, badu barrua zuritzeko gogotik ere—. Baina, nolanahi dela ere, gure etxeko otorduenarduradun naizenez, baratzeko bazkide egiteak ikaragarri aldatu du nire bizitza.
Izan ere, bazkari eta afaritarako zer jarri izaten nuen lehen askatu beharreko lehen korapiloa, eta gutxieneko osasun irizpideak gorabehera, nire (ustezko) apeta izaten zen erabakitzen zuena: saltokira joan —berdin azoka, hipermerkatu edo denda txikira—, eta nire gogora, nire neurrira, erabakitzen nuen otordua: tomateak sartu zitzaizkidala/zizkidatela begitik? Ba, tomateak; lekak? Ba, lekak.
Orain, ordea, baratzeak emandakoa etorri egiten zait, sasoian sasoikoa; ez dut erabakimenik, lurrak hartu dit gaina. Eta apetez ahaztuta, daukadan horretara moldatzea da eguneroko ariketa. Ikaragarri aldatu zait bizitza: neure burua dagokion neurrian jartzen ikasten ari naiz.

Bira
Neurria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu