Onintza Enbeita
BIRA

Neutroa

2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pena da gizarteak neutrotzat hartzen duena gizonezkoek egiten dutena izatea. Gauzak ikusteko modu patriarkala dago ustez objektiboak diren datuen atzean. Bertsolaritza da gauza bat eta emakumeen bertsolaritza beste bat, futbola da gauza bat eta emakumezkoen futbola beste bat, herri kirolak dira gauza bat eta emakumeen herri kirolak beste bat. Ohituta gaude kirol informatiboetan, tabernako elkarrizketetan zein beste edonon objektiboki neutroa omen denaren esklusibitatea gizonezkoei ematen. Adibidetzat, hortxe daukagu Erika Vazquez. 22 liga jokatu ditu lehen mailan, baina haren despedida kronikak idatzi dituzten gehienek emakumeen ligari atxiki dizkiote bere merituak. Inpresioa dut datu hori azpimarratzen den aldiro garrantzia kendu bezala egiten diotela jokalariari: gizonezkoen ligan jokatuko balu gauzak desberdinak liratekeela iradokitzen digutela, alegia. Nork jakin, ordea! Athleticen historian golik gehien Telmo Zarrak sartu ditu: 335. Haren atzean dago Agustin Sauto Arana, Bata, 208 golekin. Erika Vazquezek 264 sartu ditu. Beraz, objektiboak eta neutroak bagina, ez genuke bakarrik Athleticeko emakumeen taldean golik gehien sartu duen jokalariaz hitz egingo: klubaren historian golik gehien sartu duen bigarren jokalariaz baizik. Horri zor zaion miresmen eta errespetuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.