Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Normala

2014ko irailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zalaparta ederra dabil Espainia aldean, eta, horrenbestez, Bidasoaz hegoalderako euskal herrietan. Izan ere, abortua frankismora itzultzeko saioari uko egin behar izan diotenean, eta Kataluniarekiko arrakala haustura bihurtzear dela, Espainiako Gobernuak piroteknia ez ezik artilleria guztia erebaliatuz iragarri du hilabete luzeetan Madrilgo auzo batean neskato txikiak bortxatzen ibili den gizatxarra atxilotu dutela —erantsi nahiko nuke egunotan Auzitegi Nazionalean entzun diren tortura narrazioen eskandalua itzaltzeko nahiak ere eraginik izan duela atxiloketaren iragarpenean, baina Banderas bezain txarra naiz zientzia fikzioan—.

Nolanahi dela, paper, irrati zein pantaila, bazter guztietatik helarazi dituzte atxilotuaren izen-abizen, argazki zehatz, familiari buruzko xehetasun eta bizi ohitura detailatuak, ustezkotasuna erabat urratuz, munstroaren larruketa jendearen eguneroko amorruen ihesbide bihurtuz.

Eta, noski, klasikoak ez du hutsik egin: atxilotuaren bizilagunak izutu bezain kitzikaturik, kazetariei esaten zurtuta daudela: normala ematen zuela, baina argi dagoela edonon egon daitekeela munstroa, ez dagoela hurkoaz fidatzerik.

Eta halaxe hamaika sarraila eta giltzarrapoz itxi eta bakartuko gara hipotekatutako gure lau hormen artean, edonon egon daitekeelako munstroa, ez dagoelako hurkoaz fidatzerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.