Bera dela ezagutzen duen pertsonarik normalena esan du Joseba Sarrionandia Uribelarreak. Ez diot nik definizio hori ukatuko: askok horixe esango genuke geure buruari buruz. Barre egin dut, ordea. Nola izango da ezagutzen duen pertsonarik normalena herri oso bat bafle bati begira jarri zuen gizona? Munstroaren eskuetatik ihes egitea normala izan balitz, jende askok egingo zukeen. Liburu bat idaztea ekintza normala da, baina urteetan atzean utzi duzun herrian bizi bazina bezala argitaratzea misteriotsua, bederen, bada. Ihesaren osteko belaunaldiontzat han eta hemen egon den idazle bat izan da Sarri. Non dagoen usaindu nahian irakurri duguna, eta aldi berean, non dabilen jakin nahi izan ez duguna misterioaren zera horri eustearren. Itsasoaren alde bietan aldi berean egotea lortu duen pertsona ez da hain normala. Hartutako erabaki politikoek urrundu dutena literaturak ekarri du aldiro guregana, eta hori, gurean, ez da normala izan. Eta hala ere, guk ipini diogun auraren barruan, bera da berak ezagutzen duen pertsonarik normalena. Eraiki duen bidea guk geurea bezain normal bizi izan du.
Edozelan ere, ondo etorri, Sarri. Mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekua izango zara beti gure memorian; nahiz eta, itzuleran, Ixorretako errotondetan galdu.

BIRA
Normalena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu