Normaltasun berria iragarri ziguten uda hasieran. Bizitza normala egiteko aukera izango genuela sinetsi nahi izan genuen, baina pandemia garaian ere, onera egiten ez duten gauzek txarrera egiten dute. Konfinamendua iraganeko esperientzia txar bat izatetik etorkizunean bizi dezakegun amets gaiztoa izatera pasatu da. Negua fisikoki bakarrik barik sinbolikoki ere badator: sasoi latzak izango dira datozen hauek ere poesiarako. Eta guk errimatu egin nahi dugu, poesia egin nahi dugu, idatzi egin nahi dugu, dantza egin nahi dugu, margotu egin nahi dugu… zerbait sortu nahi dugu. Ez da erraza, ordea. Mundua izozten ari denean (nahiz eta poloak urtzen ari diren), zaila da barruan ideiak sortzeko goxotasunen bat aurkitzea. Orri zuriaren aurrean jarri, eta atzo pasa den astean esandakoa esan nuen moduan, martxoan esandakoa errepikatzen ari naizela iruditzen zait.
Hona ez da itzuli bizitza normalik ez bestelakorik. Birusak kendu digun bizitza zatia ez digu beste inork itzuli, eta badirudi ez digutela besterik gabe ezer bueltatuko. Nik ez dut normaltasunik nahi: autobide zabala da normaltasuna, baina asfaltoan ez da belarrik hazten. Baina orain daukagun tristezia kolektibo hau ere ez dut nahi. Bizitza itzuliko balitz, bere espresio guztietan, konformatuko nintzateke.
BIRA
Normaltasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu