BIRA

Ohiturak

Onintza Enbeita
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badira egun batzuk aire zabalean maskararik eraman behar ez duguna. Asteburua izan da tarteko. Ustez, jendeak burua galtzen duen aldi horietako bat bere egun eta gauekin. Ez geneukan aire zabalean maskararik erabili beharrik, baina jendeak erabili egin du. Ez, ez dira bat eta bi izan: jende askok jarraitzen du aire zabalean maskara erabiltzen. Azokan ere berdin. Lehen udaltzaingoak esan zigun ezin genuela azokan ere maskara kendu: azoka ez omen da aire zabala. Atzo ez zuten etorri beharrik izan: denek edo ia denek zeramaten maskara jantzita. Goizean etorri zen lehen bezeroak esan zidan apuratu egin zela mundu guztiak muturra estalita zeramala ikustean. Etxetik irten eta pauso gutxira konturatu omen zen bera zela aurpegi bistan zihoan bakarra. Azkenean berak ere ipini egin zuen maskara. Ez zen bakarra izan: bezero guztiak hala etorri ziren atzo. Kafe orduan ere antzera batean: kalean jende asko dabil oraindik maskararekin.

Erraz ohitzen omen da gizakia egoera berrietara. Hala izango da. Dena dela, espero dut maskara eramatera bezain erraz ohituko garela ez eramatera. Zenbat gauza irauteko etorri direla pentsatzeak buruko mina ematen dit. Lehen ere moldatzen ginen elkarri aurpegira begiratuta eta orain ere halaxe moldatu nahi nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.