Ez zaio bururatu frantses izan zaitezkeela frankofonoa izan gabe. Edo espainolik badenik hispanofonoa ez denik. Ongi kasu egiten baduzu, hispanofono edota frankofono kontzeptuak baliatzen dira hizkuntzei dagokien berezko ama-lurretik kanpoko kasuendako, hots, Frantzia edota Espainiatik kanpoko testuinguruan. «Frantziako frankofonoa edo Espainiako hispanofonoa» errateak erredundantziaren aplikazio praktikoa ekarriko zukeen; baliatzeak bezala: «Gora igan». Frantsesak, berez doa, frantsesez badaki, eta espainolak espainolez.
Alta, logikari bidea gurutzatuz, euskalduna tematu da bereizi nahiz euskalduna eta euskaraduna. Arrunt barneratua baitiote bata izan zaitezkeela bertzea izan gabe. Ez da harritzekoa, erakutsi bazaio ttipitik eskola publikoa-ren elipsiak ez duela kukutzen euskal, baizik eta frantses; Ipar Euskal Herrian, bederen. Are, barneratu ere du behar duela egunerokoa partekatu, ez bascophone bakanekin, baizik eta, hizki bakarra aldaturik, bascophobe praktikanteekin, zeintzuek umiliatu izan bainaute, oilaskoa saltsan bezala, basquaise deituz.