Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Oilo-ipurdia(k)

2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oilo-ipurdia jartzen du Nigerikoak: Boko Haram armada islamistak eskola batetik berrehundik gora neskatila bahitu izanak, saltzeko, eta hartara, emakumeei dagokiena betez gizonen zerbitzuko lanak egin ditzaten. Hedabide nagusiak errepika eta errepika ari zaizkigunez, «Mendebaldeko hezkuntza bekatu da» esan nahi bide du Boko Haram-ek, eta Al Kaedaren frankizietako bat omen. Nolanahi ere, ikaragarria da. Horregatik erretratatu du bere burua Michelle Obamak bahitutakoen aldeko kartelarekin. Horregatik eskaini diote laguntza (militarra) Nigeriako Gobernuari AEBek eta Erresuma Batuak.

Izugarria baita Nigeriakoa: hazkunde handieneko munduko ekonomietako bat, petrolio eta gasetan erabat aberatsa, Mexikorekin batera gora datozen herrialdeen taldeko buru, Errusian baino xanpain gehiago edaten den lekua, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Mendebaldeko konpainia handien esaneko... Eta, hala ere, jendearen gehiengoa pobrezia gorrian bizi da, eta Gobernuak gupida gabe zigortzen ditu protestatzera ausartzen diren langileak. AEBek eta Erresuma Batuak ez dute hori konpontzeko laguntzarik eskaini.

Latza baita Nigeriakoa. Eta beldurgarriena guk makulu hartuko dugula islamista, beltz, basa, matxista horien kontrastean geure burua oraindik ere arrazoitsu, zibilizatu, berdinzale eta zuriago ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.