Aprobetxatu. Hori da hitz errepikatuena normalean egiten dituzun gauzak egin ezin dituzunean. Aukera aprobetxatzeko esaten dit jendeak, baliatzeko idazteko, irakurtzeko, sortzeko... Baietz esaten diot mundu guztiari: ari naizela. Askotan erantzun hori da errazena, baina ez da zintzoena. Gauzak egiteko norberak ondo egon behar du, eta egia da hanka hausteak ez zaituela oso gaizki uzten, baina ondo ere ez. Antzerako sentsazioa izan nuen etxealdian ere. Jendeak pentsatzen zuen nobela bana eta ehunka bertso sorta idatziko genituela guztiok, baina ez da hain erraza. Burua argi behar da sortzeko; edo nik bai behintzat. Artistak triste dagoenean sortzen duela eta halako mitoak ondo daude, baina ez dute beti balio. Sortzeko ondo egon behar da.
Ez du esan nahi ezer egin ezin dudanik. Indabak garantzen ditut eta ustelak ederto apartatzen dizkiet. Piperrak kordatzen ere ibili naiz aulkian geldi. Hori ez da komunitateak nahi duena, ordea. Jendeak nahi duena da bere momenturik onenean ere egiten ez duen hori egitea zuk ondoen ez zaudenean, pattal zaudenean, burua azeleratuta duzunean edo aspertuta zaudenean. Nahiko nuke nik ere gauzek hala funtzionatuko balute, baina ez da horrela. Gerta daiteke, baina ez da beti hala gertatzen eta ez genuke inor presionatu behar.

BIRA
Ondo egotea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu