garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Opariak

2015eko abenduaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gabonetako oparien mania ekidinezinak junglara eramaten ditu gurasoak, Indiana Jones bihurtzen ditu, jostailu miragarria aurkitu eta amarruz josiriko gordelekutik erreskatatu beharrean. Batzuentzat, ez-sexista izan litekeena. Beste hainbatentzat, ekologikoa, edo baldintza justuetan fabrikatua. Gehientsuenentzat, beste muturrekoa da grial santua: denen ahotan dabilena, moda-modakoena, teknologikoena, iragarki errepikakorretakoa.

Gaur-bihar, miragarri izan behar zukeen horrek jasotzailearen gogoa asebete ote duen edo errekara bota nahi izateko amorrua piztu ote dion egiaztatzeko unea iritsita, bestelako estatistikak jarriko dira dantzan. Esate batera, zorioneko opariaren erruz zaurituta, larrialdi zerbitzuetara heldu beharko duten haurrena; jostailua omen den tramankulutik erori direlako, edo ezustean talka egin dutelako, edo jostailuari askatutako piezaren bat irentsi izanagatik, arineketan pupua sendatzera eraman beharko dituztenena—hirutik bitan mutikoak omen, eta bost urtetik beherakoak—.

Aita Noelen, Errege Magoen edo Olentzeroren biktimatzat jo genitzake berdin gehiegikeria totala hartzeagatik erotzen diren umeak eta jostailurik gabe ere jolas egin litekeela ulertu ez duten gurasoak. Estatistiketan nekez erreparatuko zaien arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.