Askorentzat ihauterietako bakantzak dira egunotan. Elurretara joango dira ala etxean bertan geratuko, baratzeak ere bere ukitu kuttunak merezi dituen sasoi paregabea delako. Hariari tiraka, ikusi duzue nola pitotu –Amikuzen- edo ertzotü –Zuberoan- den Frantziako lehendakaria ministroak noranahi abiatzen zaizkiolako atseden bila: MAM Tuniziara, hango iraultza bete-betean zelarik eta Fillon zurbila Egiptora, Mubarakek handizki gonbidaturik. Errana zuen Errepublika irréprochable bat eskatzen zuela. Argi denez leze bat bada helburuaren eta errealitatearen artean. Ministro burugabeek orain presidentari partitzeko baimena galdatuko diote. New Yorkerako itzulia katiminian egin duen Sarkozyren gomendioen arabera, Frantzian egon beharko dute.
Ez dünk hoberik...
Martxoan Meatzalderatuko naiz. Atzo manifestatu zuten muskiztarrek petronoren findegien kutsadura salatzeko eta berria irakurtzean lurraldearen oinez ikertzeko gutizia piztu zitzaidan. Adiskide bik deitu naute, hautsez, burdin urez, karbono monoxidoz eta zeru gris apalez bihotza bete dezadan. Lasai, gure artean ez dago interes gataskarik, are gutxiago han diktadore zakarrik. Soilik Dolores Ibarruriren itzala, Gallarta gainetan.
Bira
Oporrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu