Lekutan geratu zaigu etxe barruan gordeta egotera behartu gintuzten oporraldi hura. Egote hutsari abantailaren bat ateratzekotan, guztiok esaten genuen zeruak ohi baino garbiago zeudela, eta zientzialariek ozono geruza berreskuratzen ari zela esaten ziguten. Hobeagoak atera behar genuen etxetik: kontzientziatuagoak. Ez zen horrela izan. Kalea zapaldu genuenerako betikora itzuli ginen. Egia esan, etxe barruan geundela ere betikoak ginen. Gaixotasun psikologikoren batengatik etxean egon ezin zutenak lazo bat jartzera behartu genituen gure ustezko osasun mental onaren alde, eta ozono geruza badagoenik ere ahaztu zaigu.
Milaka hegaldi aterako dira asteburu honetan Euskal Herriko aireportuetatik. Gau bat edo bi pasatzera joango gara hara edo hona, halako opor txiki batzuen arrasto ekologikoari usainik hartu gabe. Ukrainako gerrak hegaldiak garestituko zituela esan ziguten, baina oraindik iristen gara opor txikietara. Arnasa hartzea beharrezkoa da, baina egun biko arnasak zenbat egunetakoa kenduko digun pentsatu egin behar genuke. Ez baikara gu bakarrik. Asko gara, eta guztiok egiten ditugu gauza berak edo antzerakoak. Aglomerazioetatik ihes egiteko beste aglomerazio batzuetara joaten gara, arnasa hartzeko jendez lepo dauden lekuetan ibiltzen gara, oporretan nekatu egiten gara...
BIRA
Oporrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu