BIRA

Oporretakoak (1)

Idurre Eskisabel Larrañaga.
2014ko irailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Egunkari handi batek igandeetan banatzen duen aldizkaria dut eskuetan. Irudi ederrez beteta dator; modernoa, elegantea, eta intelektual kutsukoa zer den arautzea du egiteko nagusia. Estiloa eta joera ditu hitzik maiteenak. Gustua ematen du orriak pasatzeak, urdaileraino zabaltzen du arintasun gozo bat.

Halaxe iritsi naiz orri osoko iragarki batera. Emakume eder bat, itsaso urrunen lurrina duten arropezjantzia. Eta bizipen ahaztezinen promesa: etor zaitez Mauritius uharteko luxuzko hotel honetara, eta kolonien arora eramango zaitugu. Paradisukoen pareko hondartzez gain, zuriz jantzitako (sic) zerbitzaria izango duzu zuretzat, maleta desegiteko, egiteko, bainua prestatzeko, detaile guztiez arduratzeko. Ongizate erabatekoa.

Konturatzerako begiak itxi zaizkit. Eta banbuzko etzaulkian sentitu naiz, sabaiko haizagailuak zabaldutako freskuraren laztanpean, zerbitzariak ekarritako zukua xurgatzen. Eta pentsatu dut neuk ere merezi dudala inoiz halakorik —are, kanpinean edo merkealdietako ostatuetan ibili beharraren injustizia madarikatu dut barne erneguan—. Akaso, hilero diru bat horretarako apartatuz gero, noizbait...

Alboko kanpinekoen irratiak atera nau lozorrotik: esatariak dio «azken oldarraldian» Saharaz beheko 1.300 lagun heldu direla jostailuzko ontzietan Espainia hegoaldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.