Artista eta lana bereizten jakin behar dela esaten didate zenbaitek. Beti ezin da halakorik egin, ordea. Inori ez diot obra onak argitaratu, margotu edo kantatu izana ukatuko, baina niretzat gordeko dut beti haren filmak ez ikusteko, liburuak ez irakurtzeko edo musika ez entzuteko eskubidea. Eta ez daukat gaizki sentitu beharrik mundu guztiari ona iruditzen zaiolako edo ni naizelako jarraitzen ez dion bakarra. Dirutan usteldutako Hollywoodeko zine zuzendari bat ikusten badut Israeleko soldaduekin argazkiak ateratzen, ez ditut haren filmak ikusiko. «Oso onak dira», esango didate denek, baina berdin dit. Badaude film on gehiago. Literaturan Nobel saria irabazi zuen idazle batek Salvador Puig Antich hiltzeko erabili zuten garrotea gorde egin bazuen trofeo gisa, ez dut haren libururik irakurriko. «Oso onak dira», esango didate denek, baina liburu onak asko daude. Eta adibide gertukoagoak ere badira, jakina.
Nire boikotak ez du ezer aldatuko haien sonean eta diru-zorroan, baina niregan bai. Eta norbaitek esan egin behar lieke edozerk ez duela balio.