Gaur, Nabarnizko herria plazara aterako da Pablo Gonzalezen askatasuna aldarrikatzera. Bide batez, Polonian preso daukaten kazetariaren defentsa gastuei eusteko zerbait bildu nahi dute. Ekimena ederra da: eskuz esku antolatua. Instituzio handiek beste aldera begiratzen dutenean, herri xeheak begiratu eta lagundu behar die Gonzalezen senideei. Badakit diplomaziaren bideetan beti egoten direla guk ikusten ez ditugun hariak eta horiei ezin zaie tira egin, edo justu horiei egin behar zaie, edo guk ez dakizkigun arrazoiengatik itxaron egin behar izaten da. Kontua da Pablo Gonzalezekiko ez dela erakusten ez ardurarik, ez interesik, ez ezer egiteko asmorik. Eta esango nuke jarrera orokorra dela. Pentsatzekoa da Europak ezin duela jasan Ukrainari buruz egia esaten duen kazetaririk. Nahiago dute Espainiako Gobernuak, eta bide batez Eusko Jaurlaritza ere hortxe-hortxe, eta beste batzuek justifikaezinezko injustizia justifikatu, gerrak nor eta zergatik antolatzen dituen azaltzea baino.
Bitartean, Pablo Gonzalezek urtebete pasa darama kartzelan, maite dutenengandik urrun, etorkizunari zalantzati begira. Azken notiziei erreparatuta, garbi ikusi dut Pablo guztiak ez direla berdinak justiziaren aurrean. Ez zerbait konpontzeko ahalegina egin dezaketenentzat, behintzat.

BIRA
Pablo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu