Paradisuak

Itxaro Borda
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Eskerrak Sarkozyk gauza bat erraten eta alderantzizkoa egiten duela. Finantza krisiaren minean paradisu fiskalen bukaera jo zuen. Hargatik diruarentzat salbatu leku zoragarriak sekula baino indartsuagoak omen daude, Bolloré holding-aren Maurizio uharteko Belle rivière egoitza proiektua aurkezten digun web orrialdea adibide. Xehetasunak aurkituko dituzue hilabete sari apalak, RMI, RSA edo ASSEDIC-etako sosaren ezkerrera pasatzeko: orain, hil arte lanean behar baldin badugu, iheslari fiskalak bilaka gaitezela.

Neoliberalismoak baldintzaturik pantailetan ez da beste eztabaidarik: nork irabazi du urriko gobernuaren eta sindikatuen arteko indar-jokoa? Batzuek diote denek irabazi dutela, besteek sindikatuek galdu dutela eta guk diogu politikariek eta sindikatuek irabaziz, jende xeheak duela galdu. Are gehiago galduko du gizarte segurantzaren erreforma murriztua abian jarriko delarik. Nehork ez duke orduan artatzeko baliabiderik. Erreportaiak eginen dira hortzik eta betaurrekorik gabeko hiritar pobre horietaz.

Bizkitartean Belle rivière helburu dukegu: 27 kilometro luzeko hondartza zuriak, standing handiko etxeak eta 18 zuloko golf zelaia.

Urrikiaren zulo bakarra gure bihotzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.