Bidaietarik itzultzen naiz liburuz eta soinuz kargaturik. Galiziatik Manuel Mariaren poesia antologia lodiaren lehen alea ekarri dut eta gau oroz Terra Cha ikaragarri hartaz goza naiteke: o Miño... sempre vai mudo e vai senlleiro. Chus Pato adiskidearen bizpahiru obra hartu nituen halaber Santiagoko Couceiro liburudendan. Oroitu nintzen orduan Chus Patoren ezagutza egin nuela Salvatierra do Miño herrian hain zuzen.
Pato familia zabalean Cristina aukeratu dut musika alorrean, eta geroztik ahal dudan guztietan andere eder horren The Galician connection izeneko albuma entzuten dut. Gaita galega jotzen du maisuki, eta melodia ezberdinek zeltiar eremuan txertatzen naute derrigorrez: Coural mendiak behelaino trinkoetan irudikatzen ditut, exilio ugariak, laborari haurren auhenak, soidade hura eta oro har oraindik bizirik irauteko alegrantzia ezin errana.
Atxagaren testu baten ildotik, euskaldunok badakigu pato destinua dela gazteleraz ahatea izateaz gain. Baina destinua hari bat da. Halaz Cristina Patok Rosalia de Castroren bihotzaren sakonean bermatzen zaizkidan hiru olerki sartu ditu bere diskoan, Menina gaitera, Rubias envidias eta Negro caravel deiturikoak.
Galeuska connection.
Pato
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu