Badago salbatzailearen sindromea duen jendea. Jende ona da. Guztion alde gauzak egiteko joera izaten dute, baina guztiok zer behar dugun galdetu gabe. Etorriko dira azokara eta erosiko dizute letxuga bat, eta euro triste bat ematen dizuten bitartean ulertaraziko dizute nola ez duten letxuga hori behar, baina orokorrean azokan eta zehazki zuri erostearen garrantzia ulertzen dutela. Orduan batek ez du ondojakiten zer egin. Izan ere, gogoratzen zara senide zaintzan laguntzen zizun beste senide harekin. Astero arratsalde bat libratzen laguntzen zizun, baina denek zekiten arratsalde hartan zu ez zinela etxean egongo eta bera han egongo zela. Edo behin, bakarrik behin, apunteak utzi zizkizun gelakide hura oroituko duzu: oraindik ere mozkortuta zaudenean esan egiten dizuna.
Orduan hasten zara pentsatzen salbatu behar zintuen zenbat jendek izorratu zaituen, eta ondoan eutsi besterik egin ez dutenek zenbat aldiz salbatu zaituzten, eta arnasa hartzen duzu. Eta orduan pedagogia egiten saiatzen zara: salbatzaileari azaltzen diozu zu ez zaituela salbatuko konpromisoz erositako letxuga batek, eta zu ez zarela salbatu behar dena azokari dagokionez. Baina konturatzen zara salbatzaileak badakiela dena, eta ez dagoela ezer azaltzeko modurik.

BIRA
Salbatzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu