Jorge Mario Bergoglio Frantzisko katolikoen buruzagiak keinu xamurra egin nahi zuen igandean: usoak jaurti zituen libre airera, bi neska-mutikoren laguntzaz. Zuri-zuriak ziren usoak, orbain gabeak, Bergoglio onberak, haren alboko ume xaloek, hango eta hemengo katolikoek, eta ziurrenera, borondate oneko jende guztiak Ukrainarako ez ezik, Sudanerako, eta, oro har, mundu osorako ere nahiko luketen bakearen irudi biziak. Keinua argazki ederra litzateke, baldin eta Vatikanoko teilatu zokoetatik kaio zital bat eta bele gaizto bat usoen kontra mokoka oldartu ez balira. Ezustean, beste noranzko bat hartu zuen metaforak: itzalek —edo auskalo botereak— gain hartzen diotela beti senidetasunari. Eta, noski, hemen gurean, oso irudi zehatza ikusi genuen, ez baita alferrik kaioa PPren ikurra.
Baina irudi hutsetik haratago seinalea begiztatu duenik ere bada: datorkeenaren augurio beltza kaio eta bele gorpuztuta. Neu naiz horietako bat, trakets kudeatutako ziurgabetasunak seinale bila ibilarazten bainau usnaka. Adibidez, Hollanderen dibortzioan atzeman nahi dut hautesleek abandonatu egingo dutela adarrak jarri dizkielako neoliberalismoarekin. Edo Espainiako Felipe printzeari matxuratutako hegazkinean igarri nahi dut estatua hondatuta dagoela hondoraino. Albokoek diote ez dudala bat bera asmatzen.

Bira
Seinaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu