Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Sindromea

2014ko irailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Susperraldia sinesteko garaia iragarri badigute ere, irudipena dut oso atzeraldikoa joan dela lanerako itzulera. Zera jarri dut neurgailu: opor ondorengo sindromearekin izaten den matraka. Eta esango nuke azken urteetakoetatik behera ibili dela; hau da, gutxiago izan direla lantokira itzultzeak eragindako tristura eta gaitzei buruzko albiste eta aholku sortak—nahiz eta, hala eta guztiz, hedabideen iraileko agendetan eta kafe makinako solasetan saihetsezin diren—. Are, esango nuke halakorik hizpidera atera denean inoiz baino lehenago eta inoiz baino ozenago erantsi zaizkiola atzetik probetxuzko jendearen makuluak: zer duen txarrik lanera bueltatzeak, ez dagoela errutina bezalakorik, lana osasuna dela, lana izatea bera dela zorterik, zorionik, aberastasunik, maukarik handiena. Eta biribiltzeko, lana duenak ez duela kexatzerik.

Halaxe esaten da: L-A-N-A. Bat eta bakarra balitz bezala. Hitz horren barruan bizi denbora beraren truke 600 euro eskaseko ordaina edo hamar aldiz handiagoa biltzen dutenak elkarbiziko ez balira bezala. Eta eskubideen jabeak eta eskubide gabekoak.

Baina lana duenak ez du kexatzerik.

Eta diot oso atzeraldikoa joan dela lanerako itzulera, susperraldia sinesteko garai honetakoa izan arren. Opor osteko sindromearen ordez krisi osteko otzantasunarena itsatsi zaigula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.