Sine qua non
Rosa Luxemburgen greba orokorra izeneko liburukia hostokatu dut. Egun bat, bi, hiru beharbada, greba bai, aitzina doa, daiteke, nork daki? Paper horitua kraskari dabilkio Spartakus talde-kide zenaren obrari. Ez al dut hautsiko? Atzo arratsaldean Lanaren Burtsako aretoko biltzarrean nintzen, ukiduraren mugetan, berazteko ordua ez zen arren: aspalditik ez erabili gure hitz ahantziekin zertaz mintzo ginen bada? Batek zioen muga gabeko greba orokorra ez zela dekretatzen -hori, gobernuek ere diote- besteak orain ala sekula ez errepikatzen zuen, azkenek erretreten erreformaren legearen ezeztatzea solasaldietarako sine qua non baldintza zela erraten zuten ogitartekoak klika bitartean. Insurrection edo oldartze jaidurak nabari ziren. Pantailetarik urrun geunden alta, elea zen bilutsik ezpainez-ezpain isurtzen, elkarri begiratzen genion birtualak eta 3D-ko izakiak ez ginelakoaz harriturik. Bitartean, telebistek milioika grebalariengatik sortu garraio eta bestelako oztopoak buklean erakusten zituzten, nazka hazteraino. Rosa Luxemburgek 1905ean idazten zuen: galernaren minean langile negarroi zuhurra iraultzalari erromantikoa bilakatzen da eta greba egin dezake helburua lortzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu