Lanetik etxera nentorrela, irakurle batek helatu ninduen: ez duzu ezer idatzi duela bi aste ETAk iragarri treguaren laugarren atalaz... Egia osoa aitortu nion, erantsiz banuela astia, menia egiaztagarria, iraunkorra eta orokorra zenaz gain. Erakunde harmatuaren hitzak nituen erabiltzen alaina.
Arinki ihardetsi eta hausnarrean higatu nintzen Baiona Txikirainoko karriketan zehar: zergatik behar nuke tarrapataka palpitatu, gertakariarekiko burumuina lasterregi inarrosi eta aburua eskaini, bestalde nehork ez duelarik bata-bestearenganako urratsik egiten. Denbora, antza, dildil dago. Aitor suharraren ezpataren mihiak dagoeneko kamuts dira. Edozein lepo harrapatzen baldin badu, haragi puskak barreatuko ditzake minak biderkatuz. Wait and see zioen azeri erdia ez zen Churchill zaharrak. Guk ere berdin.
Poztekoa bada ordea nahiz eta beranduegi datorren. Ez gara politikariak bezain mutur zuriak. Espero dugu ez duela deusertara ez heltzearen antsiak egoera berria zapuztuko. Hargatik Euskal Herriaren baitan sinesten dugu, Bizkaiako surfariek ezkerreko olatuan edo gudari ezinduek geroan fidatzen diren bezala.
Bakea, bi sos etagabetuak direntzat askatasun apur batekin aski genuke.
Bira
Su-etenaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu