Onintza Enbeita
BIRA

Sujetadoreak

2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Harrigarria da emakumeak titiakbilin-bolon ibiltzeko ohitura aldarrikatzen hasi garenean, zein sujetadore txikiak saltzen hasi diren. Umearo guztia egin genuen hondartzan biluzik edo kuleroekin bakarrik, eta orain, lau urteko umeentzat ere bikiniaren goi eta beheko zatiak saltzen dituzte. Nire inguruko neska txikiek, haien inguruko emakume erreferenteak imitatu nahian, oso txikitan probatu dituzte lehenengo sujetadoreak.

Niri goiz hazi zitzaizkidan titiak, eta urte askotan egin zioten omen Euskadiko ereserkiari: gora eta gora egin zuten. Hala ere, konplejuak barrutik deika izan banituen ere, gimnasiako klaseetan mutilak barre egiten hasi zitzaizkigunera arte, ez nien gurasoei sujetadorerik eskatu. Orain, ostera, ez dago gorputzari bide egiten uzteko nahirik. Egoerei aurrea hartzen ari garela dirudi, baina ez nago ziur honek guztiak intentzio onik ote duen. Egoera libreak eraikitzen hasi garenean, inuzente garen garaian pudoreari bide egiteko prendak sortu dizkigute neurririk txikienetan.

Bitartean, bide berdeetan pasieran dabiltzan gizonek, zein traktoreetatik lurrari eragiten ohituta daudenek, zein futbol zelaitik aldagelara bidean doazenek ez dute ez bero handirik ez aitzakia sakonik behar kamiseta kentzeko. Ez dut haientzat egindako sujetadorerik ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.