Kazetariari erantzunez poesiaz ari da Joxan Artze, eta, laburbilduz, dio jende, animalia, landare eta, are, gauza guztien baitan den ezkutuko miresgarria argitara ekartzea dela poesiaren egitekoa; arteena, oro har. Ederrak zaizkit Artzeren hitzak, hunkigarriak: erroko komunismoaren aldarrikapena, eskubide eta baliabideen berdintasunaz harago, norbera hurkoa besterik ez dela sinestea, komunak zaizkigula edertasuna, ontasuna eta jakintza; alegia, ezer sortzea baino gehiago bilatzea dela jendeon egitekoa. Utopia, formarik biluzienean.
Baina Artzerena irakurtzen ari nintzela lepondoko giharrean sentitu dudan tenkadak ohartarazi dit ideia horrek tentsioa sortzen didala. Hasieran pentsatu dut mistizismo lurrinak jartzen nauela artega, baina lasterrera konturatu naiz nire ni-a dela konforme ez dabilena: bere eskas eta tristean, ez du bilatzaile izatera mugatu nahi, sortzaile izatera jolastu nahi du noizbait, jainkotara. Argi dago: puztuegia, indartuegia eta hipermodernoegia da dagoeneko utopia komunitaristekin asetzeko.
Eta iruditu zait, 14.000 lagunen aurrean kantatzeak sortutakoa ez ezik, horixe dela bihar BECen arituko diren zortzi bertsolarien tentsio handienetako bat: gure komunitatean ehundu den kontakizun komunitarista perfektuenaren eta euretako bakoitzaren ni-aren artekoa.

Bira
Tentsioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu