Errealitate kutsua baino ametsarena —amesgaiztoarena gehienetan— hartzen diet hainbat gertakariri —ez naiz ari denboraleaz, nahiz eta egunotan niri ere pasatu zaizkidan burutik jende suntsitzaileokin amorratutako itsas-lamiak eta erroak hiraz astintzen dituzten txibia erraldoiak—. Eta errealitate kutsua baino ametsarena hartzen diet uztarrezinak gertatzen zaizkidalako gertakaria eta testuingurua; edo testuinguruaren ehundura.
Izan ere, probetxuzko jendearen artean erabat finkatutako oinarri etikoa giza eskubideen aldarrikapenaren gainean eraikitakoa da: hau da, sinesten dugu pertsona guztiek, sexu, arraza, klase, jatorri, naziotasun, erlijio edo hautu politikoa edozein dela ere, bizitzeko, eta, gainera, libre, lasai eta seguru bizitzeko eskubidea dutela, mehatxu eta zapalketarik gabe. Eta denon egitekoa dela eskubide hori babestea. Horregatik adierazten diegu elkartasuna Txinan eta Iranen isilarazitako kazetariei, Errusian espetxeratutako feministei, edo Egipton jipoitutako emakumeei.
Horregatik, errealitate kutsua ez amesgaiztoarena hartzen diot atzo Madrilen amaitu zen epaiketari, lan politikoa egiteagatik atxilotu eta torturatu zituzten 40 gazteen auziari, eta, batik bat, probetxuzko jendearen sektoreetatik jasotako babes ahulari. Ez da uztartzen testuinguruarekin.

Bira
Testuingurua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu