Onintza Enbeita
BIRA

Tradizioa

2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tradizioak ez du erabakirik hartzen, tradizioak ez du ezer galarazten, tradizioak ez du berak bakarrik irauten, tradizioak ez du zer egin behar dugun esaten, tradizioak ez du nork zer egin behar duen erabakitzen. Erabakiak pertsonek hartzen dituzte garai historikoaren arabera. Eta badakigu kasualitaterik ez dagoela.

Tradizio zaharra omen da Ekialdeko Errege Magoena. Ustez beti izan dira hiru, beti gizonak, beti magoak eta beti etorri dira ekialdetik. Bada, ez omen da horrela. Eta horren adibide da, hain zuzen ere, XIV. mendearen hasiera aldera Giottok margotutako margolana: errege bi eta erregina bat agertzen dira koadroan. Eta ez da bakarra. Beraz, pentsatzekoa da emakumeoi plazan agertzeko aukera debekatu zitzaigunean margolanetatik ere kendu egin gintuztela eta ez zutela gehiago sinbolorik pertsonifikatu nahi izan guregan.

Eta ez da oso desberdina izango Olentzerorekin gertatu dena. Neguko solstizioa, eguberriko suari botatzen zitzaion enbor hura edo oles aroa pertsonifikatu zutenean, gizonbat margotzen hasi ziren. Eta orain hor gabiltza Mari Domingik izan behar duen rolari bueltaka. Agian, konponbidea oinarrizkoagoa eta errazagoa da: ukatutako pertsonifikazioak egin, eta emakumetu ditzagun sinboloak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.