Trapuzer

Itxaro Borda
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Neguko atean, telebistetan gure inguruak agertzen direlarik hain lakartuak, hain larrutuak, hain gabetuak Blade Runner filmaren lehen irudiak ikusten ditugula ematen du. Eskaleak, etxegabeak, ebasleak, artatzen ez diren jendeak, gaiztoak eta guztien erdiantrapu biltzaileak. Legalitatearen mugetan ari dira zakarrontzietan jantziak eta baliogabeko puskilak bilatzen, zikinetan itotzear. Erreportaiak erakusten digunaren arabera migrante ilegalak dira, lanetik kanporatuak, ama familiako bakartuak eta berriagoa dena, erretiratuak.

Denek hilabeteak bukatzeko sosak irabazten dituzte horrela, bost eta hamabost euroren artekoa hots, arropak, jostailuak eta plastikoak, poliziaren gorderik, salduz. Pika beleen antzera barreatzen dira, adinagatik, itzal ilun mehatxudunak hurbiltzen susmatzean. Trastuak oihal meharretan aurkezten dituzte. Premia larrian aski da mihisea plegatu eta ospa egitea. Kazetariaren erranetik jakiten dugu gero eta hiritar gehiago direla bazter-lan tzarpailetan higatzen.

Lehen ere baziren trapu saltzaileak. Xabier Letek ederki kantatu zizkigun. Baina egungoak baino alegeragoak ziren eta jendeen arteko harremana indartzen zuten.

Gaurkoak, trapuzer sozialak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.