Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Txibiak

2013ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zaletasun berri bat duela agertu dit Xabierrek: txibiak. Arrantzan hasi ote den galdetu diot, eta ezetz, ez dela hori, olatuen lehen kulunka sumatu orduko zorabiatzen dela. Gainera, zaletasun dituen txibiak ez direla arruntak, tinta beltzean, tipulatan edo plantxan jaten ditugun horietakoak, baizik eta txibia erraldoiak, architeuthis-ak, izugarriak.

Badakidala bolada txarra ari dela pasatzen: tailerra gaizki doala, eta pertsonaleko atalean lan egiten duenez, kaleratzeak erabakitzea bihurtu zaiola ofizio —«borrero», irristatu zaio hortz artetik—. Idoiarenak barrua urratzen diola oraindik, ezin duela ahaztu —«hain egiten zait hotza etxe hutsa!»—. Eta telebista jarri eta albiste beltza baino ez —«ba al du honek konponbiderik?»—. Lagunak, bakoitza berera —«zeri heldu?»—. Mendian gorako korrika saioek jada ez dutela baretzen —«zertan sinetsi?»—.

Horregatik txibiak. Orain gutxi lortu dutela aurreneko aldiz txibia erraldoi bat bere habitatean filmatzea, eta desiratzen egoten dela etxera iritsi eta bideo hori behin eta berriz ikusteko. Ez duela besterik egiten. Sekulako lasaitasuna ematen diola han hondoan, kilometro bateko sakonera isilean, gure eguneroko zalapartatik guztiz aparteko mundu paraleloan murgiltzeak. Ur gozoak kulunkan daraman txibia erraldoi izateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.