Hendaiako hondartzan lekutu berri den jubilatu alargunari bitxia egin zitzaion suprefetak tabernariei baimen luzeagoa ematea Txipiroi Bestan, abuztuko Euskal Bestan baino, azken hori, turistentzako pizgarri ofiziala ez ezik, herrikoen udako mozkorraldi ikusgarriena ere badenez. Errepublika egunaren bezpera izateagatik ote? Uztailaren 14koak ospakizun etilikoagoa merezi ote zuen agorrileko piper, bonet, lauburu, zahato, xistera eta espartin feriak baino? Tira. Kale garbitzaileak azaldu artean alkoholak bidea libre, beraz, eta hark, ostatu gehienak biltzen dituen karrikaren hurrena izanik bizitoki, denen simaurrak jasan beharko gau osoan. Lehenago jakin izan balu, ospa egingo zukeen, anaiarenera bisitan edo auskalo, txipiroi errearen kiratsak eta sangriarenak bat egiten ez duten inguruetara bederen...
Goizeko seiak. Bere etxeko paretaren kontra txiza egitera ziraldoka datozenen orroek ez diote artean bakerik eman, eta orain, pareko ezkaratzeko eskaileratan erdi erorita, goitika egin beharrean, negarrez ari den emakume batek galarazten dio loa. Ez daki amorrua agertu behar dion ala katilu bat kafe eraman beharko ote liokeen, elkartasunez. Maiteminaren biktima baitirudi, bera bezalako bakartiak bezala, jai alkoholiko basatien ifrentzu.

BIRA
Txipiroiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu