Onintza Enbeita
BIRA

Umeak

2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hasi dira umeak eskolara. Han joaten dira goizero kale betean. Irakaslea den lagun batekin egon nintzen herenegun, eta kontatu zigun aurten ziklo hasierara itzuli dela berriz. Azken urteetan baino ume gazteagoekin dabil, eta lehen egunean ordenagailuarekin kontuz ibiltzeko esan omen zion bati, behar baino ozenago. Umeak negarrari eman zion. Adinera ohitu egin beharko duela esan genion irribarrez. Ez da erraza izango, egia esan. Ume asko gela bakarrean sartuta, eta guztien sentsibilitate eta sentimenduak han. Ez baita zer ikasteko gaitasuna duten kontu bakarra, inportantea da umeen garapen emozionala ere.

Hemendik datorren ekainera arte dozenaka kafetan hitz egingo digute gure lagun gurasoek haien umeek ondo eta eskolak txarto egiten dituzten gauzez. Epe berean, burua handituko digute gure lagun irakasleek umeen edukazio faltaz eta gurasoen jarreraz nazkatuta daudelako. Bitartean gu, umerik ez daukagunok, isilik egotera kondenatuko gaituzte. Ez digute eztabaida bakar batean ere arrazoia izaterik onartuko. Guk eutsiko diegu kuadrillako umeei, ilobei... baina guri ez digute eztabaidan parte hartzen utziko. Gure iritzia entzun nahi ez duten askok, ordea, umeak heztea liburu edo dokumental batean ikas daitekeen zerbait dela pentsatzen jarraituko dute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.