Zaintzaren sektorea feminizatuta eta prekarizatuta dago. Kasualitatea izan zitekeen, baina ez da. Feminizatuta ez balego ere, egungo logikek haren prekarizazioa ahalbidetuko lukete. Izan ere, umetatik saiatzen zaizkigu irakasten zaintzea maitasun ariketa dela lana baino gehiago. Izan daiteke, baina ez du zertan hala izan. Besteak zaintzea ogibidetzat aukeratu dutenekez dute zertan bokazio hutsagatik egin. Hala bada hobeto, baina, beste guztion moduan, soldata duin bat dutelako lan egiten dute. Gure umeak, gurasoak, neba-arrebak zaintzen dituen jendeak baldintzarik onenetan lan egitea merezi du. Are gehiago, diru publikoa tartean badago.
Bereziki mintzen nau Apnabiko langileak borrokan ari direla ikusteak. Ez dira Mercedeskoak edo Tubacexekoak baino gehiago ez gutxiago, baina gutako edozeinek behar lezake autismoa duen senide batentzat zaintza, adibidez. Gutako edozeinek beharko du laguntza zaintzaren ardurak gain hartzen dionean, eta, zaintzaile horien lan baldintzak duinak ez badira, ez dugu gure lotsa soziala haien bokazioarekin konponduko. Diru publikoa zaintzan inbertitzen denean, ez litzateke argazkietan ateratzeko bakarrik izan behar, zaintzaren duintasuna izan beharko litzateke helburua. Eta hori, askotan, zaintzaileenlan baldintza duinetan hasten da.

BIRA
Zaintza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu