Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Zartada

2013ko irailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egundoko zartada gertatu zait alardearen inguruan Hondarribiko Bilduko zinegotzi gehienek —eta, diotenez, koalizioaren egituraren herriko gehiengoak— hartutako jarrera: hots, jendaurrean koalizioaren ordezkari den kide batek bere izatearen funtsa emakumeen bazterketa duen ekitaldi batean parte hartzearekin ulerkor ez ezik solidario ere izatea. Edo, gutxienez, barkabera —hala baitiote, herrigintza garrantzitsuegia dela erabaki hori zigortzeko, parekidetasunak herrigintzarekin zerikusirik ez balu legez—. Eta, azken buruan, zilegitasun bera ematea andreen zapalkuntzan oinarritzen den alardeari, eta, justu kontrara, eskubide berdintasuna bermatzea xede duen alarde parekideari, muinean gustu eta aukera kontu hutsal bat balego bezala.

Zartada latza izan da, hain zuzen ere, jarrera hori bere oinarrietan berdintasunaren aldeko borroka lehenesten duen indar politiko bakanetatik datorrelako, eta Hondarribikoak ez diren koaliziokideen artetik ere haien aldeko iritziak bota direlako —auzia ulertzeko hondarribiarra izan behar dela dioen betiko argudio topikoan bermatuz, eta, aldi berean, hautsiz—.

Zartada izugarria izan da: errealitate zartada bat. Baina, gogorra izanagatik ondo dator, azaleko hitzen eta diskurtsoen lilura pitzatuta, berdintasunerako bidean, muinean, non eta zertan garen jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.