Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Zaurgarri

2013ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lau edo bost urte zituen Amaiak telebistari begira lehenengo aldiz negar egin zuenean: adats beltz eta leuneko neska ilaunari muxu eman zion ezpainetan gizon bibotedun indartsuak, aire gozo bat airean zela eta zorion lurrinak pantaila zeharkatzen zuela. Ohartu gabe, malkoak atera zitzaizkion. Negar berri bat zen, ordea. Ez zuen zerikusirik ordu arteko amorru eta premien lantu mingotsekin; aitzitik, malko gozoak ziren, barruari halako betetasun bat ematen ziotenak. Horra hor ia titiko ume bat zela barruan txertatu zitzaion berdinketa: neska zaurgarria + gizon salbatzailea = ezpainetan musua = maitasuna = betetasuna = zoriona.

Horrenbestez, eskasa iruditu zitzaion nerabezaroko lehen musua, parez pare zuen mutikoa bera bezain zaurgarri zelako, airean biolin musikarik zabaldu ez zelako eta esperotako barru betetasunaren lekua askoz ere sentsazio gorpuztiarragoek hartu zutelako. Musu asko joan dira harrezkero, baina kosta zaio ulertzea maitasuna era askotakoa, gorabeheratsua, joan-etorrikoa eta sarritan zamatsua dela; gezurrezko zorion perfektu hartatik oso bestelakoa. Are eta gehiago ari zaio kostatzen beste gauza bat ulertzea: ez dela zaurgarria; are, ez daukala zertan zaurgarri izan. Tarteka, oraindik, gizon bibotedun indartsu batek musu ematen dio ametsetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.