Onintza Enbeita
BIRA

Zerealak

2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irratian esan dute Errusiak ez dakit zer bonbardatu duela, eta ez dakit zenbat tona zereal gutxiago hel litekeela Europara. Hala izango da edo ez, baina lotsagarria da hemen elikadurarekin gertatzen dena. Bai ganaduarenarekin eta bai gurearekin. Espainiako Estatuan, eta Hego Euskal Herrian berdin, alferrik galtzen da zereala eta alferrik galtzen dira dirulaguntzak hartzearren bakarrik ereiten diren ez dakit zenbat hektarea bazka. Eta hala ere, ez dakit non ekoitzitako laboreekin edo zerealekin egindako pentsuak ekarri eta saltzen dizkigute. Sorlekuan inor esplotatua ez balute bezala hura hona ekartzearen ondorioz aberastuko direnek.

Euskal Herrian sasia dago lurrak hartzen, lurra dago inork landatu nahi ez duena, lurra dago erabili gabe eta lur gehiegi ari gara ematen industriari edo diruari. Hemengo aziendak elikatzeko ekoitzi daiteke hemen uste dugun baino askoz janari gehiago, hemengo pertsonak elikatzeko ekoitzi daiteke ekoizten dugun baino askoz janari gehiago. Harrigarria da nola saltzen diguten nahi dutena, eta nola bultzatzen duten itzulerarik gabeko arrasto ekologikoa uzten duten produktuen kontsumoa. Munduan gertatzen denak eragina dauka guregan, baina eragin horren tamaina politika konkretu batzuen ondorio da, eta beti berdinen mesedetan diseinatzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.