New Horizons espazio-zundak Plutonen ingurumaritik igorritako argazkiei begira ari naiz, Eguzki sistemako planetarik urrunena gertutik kontenplatzen hain zuzen, NASAri esker. Ilargiaren tankerako harritzarra iruditu zait lehen kolpean, adituek, nik baino begi hobea duten seinale, talkan sortu ohi diren kraterren absentzia nabarmendu duten arren. Bizi arrastorik gabeko paisaia polarra ekarri dit gogora gero —argazki-oinek ere antzeko zerbait iradoki didatelako, egia esanda—, ilunabarrean-edo, hegazkinen bateko leihotxotik kliskatutako bazter galdu eta hila, hango izozmendi, tontor zorrotz, behe-lainozko estalki eta glaziarrak ikusita.
Eta txundituta gelditu naiz, zur eta lur, irudion aitzakian kezka zahar eta inozo bat areagotu besterik ez zaidalako egin. Nola liteke espazio-ontzi bat eguzki sistemako muga sinbolikoraino bidaltzeko gauza izan, hango aktibitate geologikoaren gaineko informazioa batu, milioika kilometroko distantzian komunikazioa bermatu, kontrolatu eta ulertzeko adinako asmamena ukan, eta horren baldar, setoso eta burugabeak izatea bizi gaituen planetaren kudeaketari dagokionean... Zientziak ez luke misterio hau argitzeko interesik, ezta erlijioak ere... Bakarren batek argibiderik eman nahiko balit, biziki eskertuko nioke.

BIRA
Zeru-lurrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu