Ez dut sekula ulertu burutik pasatzen zaion guztia esaten duen jendea. Zintzotasunetik inpertinentziara marra lausoa dago. Esate baterako, erregea biluzik dagoenean norbaitek ausartu egin behar du hori esatera, baina zintzotasunaren izenean eta bide batez, haren gorputzari buruzko xehetasunen bat gehituz gero, ez duzu ekarpen interesgarririk egingo batetik, eta bestetik, mina eragin dezakezu. Eta pentsatzen duen guztia esaten duen jendeak, bere ustez munduko zintzoena den jendeak, ez du marra lauso hori bereizten. Norbaitekin topo egiten duzunean, ez daukazu argaldu edo loditu egin dela esan beharrik, ez dago aldiro gustatzen zaizkizun eta ez zaizkizun gauzen zerrendak egiten ibili beharrik besteei buruz ari zarenean.
Jende bati dena barkatzen zaio «halakoa» delako. «Badakizu nolakoa den», esaten dizute isilik egon zaitezen. Orduan beti gogoratzen naiz nola esan zidan kazetari on batek: «Ni ere makarra naiz, eta haserre nagoela erakusteko txiza egingo nuke hemen erdian guztiok jakiteko haserre nagoela, baina ez dut egiten». Arrazoia eman nion orduan, eta pentsatzen duen guztia esaten ari den jendearekin nagoenean beti gogoratzen naiz harekin. Izan ere, besteok pentsatzen dugun guztia esango bagenu, zer pentsatuko luke hain zintzoa den jende horrek?
BIRA
Zintzotasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu