Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Zorionekoak

2014ko martxoaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zorionekoak gara berriro ere. Zorionekoa zu bezainbat ni; ni adina enplegu bila desesperatuki dabilen auzokoa; eta hura adina Afrikako ipar ertzean langa bat igarotzeko zain den migrantea. Zorionekoak denok, gizateriak (zuk, nik, hark, haiek) urrats handia egin baitu berriro: kromosoma bat laborategian sortzea lortu dute Mendebalde orojantzaileko unibertsitate ospetsuenetako zientzialariek; kromosoma sintetiko bat, oraingoz legamiarena izanagatik bizitza artifizialki sortzeko aukera eskura jartzen diguna.

Konkista handietako hizkera epikoarekin eman digute hedabideek berria, Mahanttanen bezala Altzon. Eta noski, baita argibide praktikoak ere —garaiak, itxuraz, ez baitira ezertan lirikarakoak—: ingurumenari kalte txikiagoa egiten dioten bioerregaiak ekoizteko baliagarri izango ei da, antibiotiko eragingarriagoak egiteko. Baina ez dute ezkutatu sakoneko poza: funtsean, jainkotarako jolasean indartsuago sentitzeko balioko digu —adibidez, laborategian neanderthalak berpizteko—, eta, ondorioz, osterantzeko izaki eta ez-izaki guztiek gure menera behar dutela sinesteko.

Umeek goseak hiltzen jarraituko dute, ordea; aterperik gabe zaharrek. Baina horri demagogia esaten zaio, sinplekeria edo inozokeria ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.