Laukizuzenak dira, gehienetan zuriak, kartulinaz eginak. Ez oso gogorrak, ezta fin-finak ere. Tarteko zerbait. Plastikozko kaxa txiki batean gordetzen dira. Eta tiradera batean uzten dira, behar diren arte. Garai batean hileta elizkizunetan ikusten ziren, mordoa, baita plastiko gogorrez egindako kaxa garden baten barruan ere. Bisita-txartelak dira. Negozio kontuetarako ez bada, bederen, belaunaldi berriek erabiltzen ez dituzten papertxo laukizuzen horiek. Gurasoenean izaten ziren haiek, ohe ondoko gau-mahaian gordetzen zirenak.
Txikiak ginela, bisita-txartelak jostailu gisa erabiltzen genituen. Gurasoen izena ezabatu eta geurea idazten genuen, artean traketsa zen idazkera harekin. Tira, idazkerak orain ere traketsa izaten jarraitzen du. Izenak asmatzen genituen, edo famatu zirenenak jarri txarteletan. Antzerkiak asmatzen genituen, txartelak elkarrekin trukatzeko aukera izan genezan. Kuriosoa da: telebistan ikusten genituen aktoreak txartelak trukatzen, eta hori hartzen genuen kontuan. Herrian, gertuago genituen txartelak hileta-elizkizunetan ikusten genituen. Sekula ez genuen antzerkirik egin horren inguruan.
Gure burutik kendu ditugu txartelak. Gurasoenean begiratu, eta han daude, tiradera batean gordeta. Orain, bisita-txartelak beste era batekoak dira. Ahaztu zaigu intimitatea. Ez dugu nahikoa gure izen-abizenak, helbidea eta telefona duen txartel bat aurretik erabaki dugunari banatzearekin. Antipodatan dagoenari ere ematen diogu gure berri. Argazki eta guzti, badaezpada.
Esan beharrik ez dago bisita hitzak sare berbari utzi diola lekua, eta txartelak, aldiz, soziala-ri. Ez zara inor sare sozialik ez baduzu, garai batean bisita-txartelik ez zutenei gertatu zitzaien bezala.
Bakoitzaren esku dago zer, noiz, nola eta nori erakustea. Zure profila itxi dezakezu, giltzarrapoa jarri, nahi ez duzunak ikus ez zaitzan. Tamalez, etxeko atea ixtearekin ez dugu nahikoa intimitatea bermatua izateko. Beti dago zirrikituren bat begira hasteko. Ezagunen izenak bilatzen hasten gara sarean; edo bizilagunarena; edo gustuko dugun horrena.
Larriagoa da, zinez, informazio hori publikoki zabaltzen denean. Denda bateko erakusleihoa ikustearekin nahikoa izan ez, eta barrukoa nahaspilatzera sartzea bezala da. Ikus dezagun zer duten biltegian. Eta atera dezagun dena kalera, bide batez, jabeak gustuko izan ala ez.
Bisita-txartel haietatik urrunegi joan garela dirudi. Ez dugu helbidea jartzen, ezta telefonoa ere. Beste guztia bai, ordea. Badirudi nahiago dugula geure burua exhibizionista modura paseatzera ateratzea, soinean daramagun arroparen kolorea esatea baino. Sare sozialekin, gainera, ez da bisitarik izaten. Txartel haiekin, sikiera, norbait etortzen zen gurera.

Uda mudan
Bisita-txartelak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu