Adiskide baten emailetik: «Baigorri aldean betaurrekoak erraiteko, frantsesetik heldu den lunetak ez ezik, begilagunak erabiltzen dute». Begien lagunak! Betaurreko edo antiojo baino txit adierazkorragoa da ordezko trepetei eta postizo/posticheei laguna deitzea: adinean aurrera, begiek laguna behar dute ikusten jarraitzeko; hain garestiak ez balira, jende askok entzungo luke hobeto belarrilagunekin; hortzlagunik gabe nekez jan liteke okelarik; hankalagunik gabe, ezin ibili. Begilagunak, audifonoak, hortzeria, makulua: zahar askok horiek eta gehiago ditu lagun beharrezkoak.
Trepeta arrunt batzuk, bizilagun. Baina zahar askori non ezkutatu zaizkio bizilagun bihotzekoak? Bideo bat dabil sarean: agure baten heriotzaren jakinarazpenak haren seme-alabak bildu ditu etxe familiarrean. Aita, hiltzat joa, agertzen zaie: «Hil egin behar al nuen denok elkartzeko?».
Aiztokada bat da erraietan: ikusi ez duenak aise topatuko du youtuben.

HITZ BESTE
Bizilagunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu