Nire itzala hasperen nostalgikoak eginez jaiki zitzaidan atzo. «Ai, kapitalismoak demokraziaren premia zuenean, haiek garaiak! Baina bukatu dituk!». Egunaren grisari egotzi nion ateraldi malenkoniatsua, eta zain gelditu nintzen zer gehiago entzungo. Ez zuen ahorik zabaldu. Nik, ordea, itzalak esandakoa burutik kendu ezinik eman nuen eguna.
Kapitalismoak oihanaren legea zuen bere hastapenetako habitat naturala, harik eta bere basakeria asegaitzak iragan mende hasierako krisi ezaguna ekarri zuen arte. Komunismoa bere onenean baitzegoen, kapitalismoa, trabestismo sekulakoa praktikatuz, demokraziaren defendatzaile sutsu bihurtu zen, guri sinestarazteko demokrazia eta kapitalismoa txanpon beraren bi aurpegiak direla. Gaur, azkenean!, komunismorik gabe eta demokrazia kaskabilotatik helduta, kapitalismoa oihaneko legera itzuli da.
Lerrook irakurritakoan, betikoa esango dit itzalak: analisia findu behar duk.

Hitz beste
Bizkarroiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu