Lutxo Egia.
TRANSITOAK

Blackout

2015eko ekainaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hilabetez hizkuntza bat ahaztea erabaki dut. Ez da bat-bateko erabakia izan. Aspaldi nahi nuen, muturreko afasia artistiko batek eraginda, nire hizkuntzetako bat galdu. Eta, gauzak zer diren, bizi naizeneko tokiaren hizkuntza hegemonikoa aukeratu dut..

Murgildu baino lehen, El último tamborilero de Erraondo hartu dut apalategi batetik. Arturo Campionen liburuan, Pedro Fermin Izko, Ameriketan kasik bizitza osoa eman ostean, jaioterrira itzuli da. Erraondon guztia bestelakotu da: jendearen izaera, jantziak, kultura, hizkuntza bera ere bai... Gaztaroan utzitako herri euskalduna zeharo erdaldundu da. Jendeak, jende gazteak bereziki, barre egiten dio gaiztoz: ¡Nosotros no semos montañeses! ¡Guárdate tu vascuenz pa los d'arriba!

Menderatze- eta, are, ordezkatze-prozesuek oroimen-galtze kolektiboak ekartzen dituzte. Campionek ederki zekien hori. Orduan, neuk neure buruari, zer hoberik desmemoriatze bat baino hizkuntzen arteko harremanen muinera beste ertz batetik ailegatzeko?

Festa batez abiarazi dugu ahaztea. Giro alaian. Koadrilako lagun gehienak erdaldunak izaki, eraldatzea berehala zabaldu da ohiko harremanetara. Baina benetako lehen zaplaztekoa, berriz, Irune, Eider alaba eta hirurok etxe-atarira iristean gertatu da. Pentsio itxurako pisu batera oraindik orain bizitzera etorritako gizon bat berriketan hasi zaigu gazteleraz. Geuk, berriz, euskarazko hitza eman diogu. Gizonak, mozkorrik, atzerritartzat hartu gaitu. Eta, guk ezertxo ere esan aurretik, ingelesez ulergaitzean mintzatu zaigu.

Itzali egin naiz dagoeneko. Itzaltzeari blackout deitzen diote ingelesek, blakauta. Ikusiko dugu zer dakarren datozen egunotan. Hizkuntza bat ahazteko oroimen ona izan beharra dago, menturaz esango luke Groucho Marxek.

@'Transitoak' bloga osorik irakurri nahi izanez gero, bisitatu:

www.berria.eus/blogariak/ transitoak/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.